Egungo populazioa



Populazioaren presentzia eta ezaugarriak bilakaera historikoaren ondorio dira. Hala, Bidasoako lurralde gehiena nafarra den bitartean, populazioaren banaketa oso bestelakoa da: 125.000 bizilagunetatik, 70.000 Irun eta Hondarribian (Gipuzkoan) bizi dira; 30.000 Hendaian, Behobia-Urruñan eta Biriatun (Lapurdi); eta Nafarroan bakarrik 25.000 bizilagun, 37 herritan banaturik. Bailara hiru administrazio ezberdinetan banatuta dago eta 5 eskualde bereizten ahal dira:
  • Txingudi edo Behe-Bidasoa: Irun, Hondarribia, Hendaia, Biriatu eta Urruñako alde bat proiektu komunetan elkarlanean ari dira.
  • Bortziriak (euskaraz “bortz=bost”, eta “hiri”): Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantzako udalerriak elkartuta.
  • Malerreka-Bertizarana: Bertiz, Ezkurra eta Ameztia bailaretako udalerri txiki eta independenteak, herri nagusia Doneztebe izanda.
  • Baztan: udalerri bakarra, Nafarroako handiena, 15 herri biltzen dituena eta Elizondo eskualdeko herri nagusia duena. 
  • Urdazubik eta Zugarramurdik, doi-doi 650 bizilagun izaki, Lapurdiko Sara eta Ainhoa herriekin harreman estuak dituzte, Xareta elkartearen bidez.

Euskarak, bailarako berezko hizkuntzak, prozesu honen gora beherak sumatu ditu: hala, mendialdean populazioaren %90 euskalduna den bitartean, administrazioan kinka larrian dago; Gipuzkoan %35 besterik ez da euskalduna, baina hezkuntza eta administrazioaren munduan garapen handia dauka; eta Lapurdin, aldiz, %30 bakarrik da euskalduna eta ofizialki ez du kasik errekonozimendurik.