Erliebe berezia



Mendi gorriak eta pirineoen bukaera

Bidasoaldeko mendiak, Kintoa-Aldudekoekin batera, Euskal Herriko erlieberik zaharrenak dira. Orain dela 380 milioi urte itsasoak atzera egin ondoren eskistoz, grauwakez eta beste materialez, Aia-Bortziriko mazizoa osatu zen eta bertatik inguruko granitozko erliebe bakarra sortu zen: Aiako Harria.

Orain dela 220 milioi urte, harri biribildu, harearri eta, burdinaren herdoiltzearen ondorioz, kolore gorriko buztinen sedimentazioa garatu zen, aldizkako euriteen klima lehorrean. Harearri hau bailarako alde bateko erliebearen ezaugarri nagusia da. Lanerako harri erosoa, eraikuntzan oso erabilia da, eta harrigintzan “Baztango harrearri gorria” izenarekin ezaguna da.

Orain 120 milioi urte, eta jatorri organikozko sedimentazioaren ondorioz, maparen goi aldean nagusi den kareharria sortu zen, Ainhoa eta Sara bitarteko kobazuloen lerroa osatuz, eta Bera, Igantzi eta Arantzan segida duena; halaxe, Belate-Txaruta-Leurtza ardatzan eta Gartzainen ere nabarmen ageri da. Geroago, kareharri eta tuparri tartekatuen sedimentazioaren ondorioz, Hendaiako “les deus Jumeaux” (Harri Bikiak) bezalako hainbat formazio ikusgarri sortu zen.

Beranduago Jaizkibelgo kostaldean ageri den harearrizko harkaitza sortu zen. Higadurak erraz hondatzen duen arren, harri hau Hondarribian ohikoa da eraikuntza tradizionaletan.

Erliebe konplexu honen higadurak eta sedimentazio prozesuak bailarako forma leunak sortu ditu, batez ere, bailararen buruan, Baztangoizan. Aldiz, higadurari erresistentzia duten harrizko mazizoetan amildegiak eta mendi ertzak sortu dira, Alkurruntz, Irubelakaskoa, Iparla, Atxuria, Larrun, Mendaur eta Aiako Harria bezalakoak, edo Irusta, Xorroxin eta Beartzungo ur-jauziak.


Horrela, sortutako erliebea Pirinioetako ardatza hiru adarretan “banatzea” bezala definitzea bada: lehenengoa, Baztan bailara Ekialdetik inguratuz, Eskisaroitik Larrun eta kostaldera iristen da (GR-11 eta GR-10); bigarrena, kantauri-mediterraneo ur banalerroa Artesiaga eta Belatetik segitzen duena; eta hirugarrena, Bidasoa eta Urumea-Oiartzungo arroak bereizten dituena.