Gizakiaren eragina



Gizakiaren presentzia Paleolitikotik ezaguna da, Sara eta Berroberriko (Urdazubi) leizeetan aurkitutako arrastoen arabera. Giza taldeak ehiztariak eta arrantzaleak ziren eta itsas bazterreko lur epeletara egokituta zeuden.

Brontze eta Burdin Aroetan, artzain giza taldeak eskualde osoko mendi larreetan bizi ziren eta beraien hildakoak trikuharri (harlauzazko hilobiak) eta harrespiletan (lurrean harriz egindako borobilak) lurperatzen zituzten. Errenga-Bianditz, Artikutza, Mendaur, Leurtza, Belate, Basabar, Iñarbegi , Alkurruntz,  Ibaineta, Orizki eta Larrunen arrastorik ikusgarrienak daude.

Erromatarrek “baskoien oihana” izenarekin ezagutu zuten eskualdea. Aritzakungo urrezko meategietan, Beratik Intzolarako kaltzadan, Arditurriko(Oiartzun) meategietan eta Ama Xantalengo (Irun, erromatarren Oiarso) aztarnategian haien presentzia ezaguna da.

Erdi Aroan mugak zehazten hasi ziren: 1200. urtean Gaztelak Gipuzkoa bereganatu zuen eta Nafarroak  lurraldea defenditzeko “markak” sortu zituen. Baztandarrek, armarriak erakusten duen noblezia unibertsalaren pribilejioa eskuratzen dute. Bidasoa hiru erresumetan banatu zen: Gaztela, Nafarroa eta Frantzia. Garai horretan sortu ziren Bertiz eta Artikutzako lur eremu handiak, azken hau Orreagako Kolejiataren jabegoa zena; eta Urdazubiko Monasterioa, herria eta Zugarramurdi bere menpe zituena 1611 urtean Inkisizioaren epaiketa izan zenean.

Gaztelako armadak Nafarroa inbaditu eta menpean hartu zuen 1512. urtean. Amaiurren eta Hondarribian Erresumaren independentzia berreskuratzeko saiakerak izan ziren, baina alferrik. Amaiurren, gaztelu zaharraren gainean eraikitako monolitoak gertaera hori gogorarazten du.
 
Ameriketako emigrazioa eta Guda Karlistak XVIII-XIX. mendeetako ezaugarri dira: baserriaren autarkiak eta populazio sistemak burdin oletan oinarritutako industriari eta meagintzari bidea eman zioten, Bera-Lesakan eta Irun-Oiartzunen gehien bat, trenbide sarea sortuz eta eraikuntzaren eta industriaren ikatz beharrak asetzeko basoak suntsituz. Nazioarteko fronterek eta guduek, gaur egun arte iraun duen abenturazale eta kontrabandista izatea piztu zuten.

Azkenik, XX mendean lurraldeen arteko desorekak areagotu ziren: hala, Lapurdiko kostaldea Miarritzeko xarma turistikoari esker garatu zen; Gipuzkoan herri-guneak eta industria kontrolik gabe handitu ziren; eta barnealdea, Nafarroan bereziki, autarkia eta emigrazioko ekonomian mantendu zen, Lesakako “Laminazioak” lantegia zabaldu arte.