Klima



Klima ozeaniko epela: landaretza oparoa eta basa animalien bizitza


Kantauri itsasoaren gertutasunak eta bailaren altuera apalak, tenperatura gozatzen dute uda epel eta negu freskoekin. Plubiometria handiak (urtero 2.000 litro inguru urtean zehar banatua), paisaia beti berde mantentzen du, baita udan ere. Udazkenean, hosto galkorreko basoetan hostoaren erortzeak eta iratzearen agortzeak kolore nahasketa ederra ekartzen dute.

Horrela landaretza erraz garatzen da nonahi: bailarako goiko eremuetan pagadiak eta mendi larreak nagusi dira; eremu ertainetan, haritz, lizar, gaztainondo eta beste espezie batzuek osaturiko baso mistoek iraleku, belagi eta koniferen birlandaketekin lekua partekatzen dute. Eta beheko eremuetan, erreka inguruan, baratz emankorrak eta giza eraikuntzak lurrarekin lehian dira.

Aberastasun eta biodibertsitate honen lekuko da Bidasoako bailaran eta inguruan hainbat natur- gune babestu izatea: Bertiz Jaurerria eta Aiako Harria Parke Naturalak; Itxusi, Lizardi-Irubelakaskoa, San Juan Xar eta Txingudiko Natur Erreserbak; Belate eta Bidasoako BIL guneak (Batasunaren Intereseko Lekuak); eta Leurtzako Natur Gunea eta Artikutzako mendiak.

Basa-animalien presentzia mugatua izan arren, Kintoa eta Belateko mendietan oreina gero eta ugariagoa da eta orkatzaren ugaritasuna nabaria da. Basurdea, baso mistoetan bizi da. Itxusiko Harrietako amildegietan sai arreek habia egiteko babesa aurkitzen dute. Aritzakun eta Urritzateko bailarek Hegaztien Babeserako Gune Berezia (HBGB) osatzen dute.

Txingudiko Badia, Bidasoa ibaiaren sedimentazioak kostaldeko padurarik ederrenetakoa, udaberri eta udazkenetan hegazti migratzaileen pausagune garrantzitsua da.

Udazkenean, hegazti migratzaileak mendi lepo eta bizkarretan agertzen dira eta, haiekin batera, Etxalar eta Sarako usategiak eta usoak harrapatzeko sare eta postuen sistema tradizionala.

Bertizko Jaurerria Parke Naturalak, bere baso-galeria garrantzitsuez gain, hegazti barietate ugaria babesten du. Erreketan amuarraina eta Bidasoako beheko aldean izokina (Euskal Herrian izokina duen ibaia bakarra da Bidasoa) uraren kalitatearen lekukoak dira. 

Jaizkibelgo kostaldeko mendia, haize handiko eta inguru gaziko baldintzekin, landaretzaren egokitze gaitasunaren adibidea da, eta bertan talofitak eta itsas likenak ugariak dira. Hainbat itsas hegaztiren presentzia nabaria da ere, batik bat, kaioak, ubarroiak eta zangak.