Arautegia



OROKORRA

  • KB kontrabandisten bidea Baztan-Bidasoako baliabide naturalez, paisaiaz eta bertako kulturaz gozatzeko diseinatua dago.  Nahiz eta maila fisiko on bat behar den bidea egiteko, ez da norgehiagoka proba bat.
  • Izen emateak guttienez bi pertsonakoa izan beharko du; haietako bat laguntzaile bezala inskribatu daiteke (ez du bidea egiten baina ibilgailuarekin joaten da).
  • Zirkuitua martxoaren 15etik abenduaren 15era egin daiteke; eguraldiaren araberan antolakuntzak murriztu dezake denboraldia.
  • Etapen ordutegiak bidean egiten diren geldialdiak kontutan hartu gabe eta eguraldi baldintza egokietan eginak dira. Etapan zehar geldialdiak egitea gomendatzen da eta horretarako gelditzeko eta atsedena hartzeko lekuak proposatzen dira.
  • Zaindu eta errespetatu natur eta herri ingurunea. Txirrindularia bazara gogoratu bidexketan oinezkoek dutela lehentasuna.
  • Zirkuituan zehar trazaketa edo gidan edozein irregulartasun jakinarazi etapako alojamenduan edo antolakuntzari, lehenbailehen zuzenketa egiteko.

ALOJAMENDUAK
  • Sarrera-Harrera: parte-hartzaileak hasierarako aukeratutako egunaren bezperatik egon beharko du antolakuntzak adostutako alojamenduan. Bertan kontrabandistaren “paketea” emango zaio (mapa, txanoa eta zigilatzeko txartela). Bezeroak bertan utzi ahal izango ditu bere gauzak zaintzapean zirkuituaren amaieran jasotzeko.
  • Ordutegia:
  • Sarrera-Harrera: 17:00tik 21:00ra. Alojamendu batzuk ez daudenez egun osoan zabalik, ordutegi honetatik kanpo ibiliz gero, lehenagotik jakinarazi behar da.
  • Irteera: 10:00ak aurretik. Beste ordu baterako adostu alojamendukoekin.
  • Gosaria: 7:30tik 8:30ra. Afaria: 20:30tik 21:00ra. Beste ordutegi batzuetarako aurretik adostu.
  • KB zirkuituko alojamenduek bezeroaren onerako funtzionamendu protokolo bat betetzen dute. (Ikus Alojamenduak atala).
  • Bezeroak bere kabuz bertze leku batean afaldu, lo egin edo gosaltzea erabakitzen badu bere kontura ordaindu beharko du. Ez da deskontu edo itzultzerik onartuko.
  • Piknik zerbitzua: aukerakoa da eta alojamenduak eskaini beharko du bertze aukerarik (denda, jatetxe,ostatu) ez dagoen lekuetan. Ez dago prezioaren barne eta alojamenduan bertan ordainduko da.
  • Azken etapako gaua: ez dago prezioaren barnean. Erreserba egitea aukerakoa da eta zuzenean alojamenduarekin egingo da.
  • Ekipajearen garraioa: eskaeraren araberan eskainiko da alojamendu batetik bestera ekipajea garraiatzeko zerbitzua. Hala ere, oinezkoen kasuan, mendirako egokia den ekipaje arina eta txirrindulariek alforjak eramatea gomendatzen da. Kontutan izan hasierako alojamenduan ekipajea zaintzapean utzi daitekeela.