KONTRABANDOA



Kontrabandoaren definizioa “aduanetako zergak ekiditeko asmoz, salgaien inportazioa edo esportazioa modu ilegalean egitea, baita debekaturiko salgaiena ere” aintzat hartzen bada, Bidasoako bailara lan honetan jarduteko eremu ezin hobea dela erraz ulertuko da. Fronterak “naturaren” kontra ezarri ziren, Frantzia eta Espainiaren interes ekonomiko eta politikoen arabera, eta hala ere, ez zen batere erraza frontera hori zehaztea: Nafarroako Erresuma 1512an mendean hartu arren, 1659 urte arte ez zen onartua izan mendi hauen banalerroa “bi erresumen arteko muga” izendatu zuen Faisaien Irlako Pirinioetako Ituna. Hala ere, frontera ez zen batere zehatza eta azkenik, 1856ko Baionako Itunaren ondorioz, 272 mugarriak ezarri ziren. Beste bitxikeria bat: XIX mendean, Espainian Jose Bonaparte erregea zela, Irun eta Hondarribia Nafarroako lurralde izan ziren.

Frontera ezarriak, bi estatuen arteko garapen ekonomiko eta zergen politika oso ezberdinak, gerraondoko eskasia eta miseria gorriak, diktadurak eta zapalkuntza politikoak… baldintza hauetan jarduera berezi hau garatu zen, gizartean justifikatua, errespetatua eta onartua… baita askotan inbidiatua, zapaldua eta zigortua ere… baina gehienetan isilpean eta handi nahirik gabe burutu dena. 

Bidasoan kontrabandoaren azkeneko garai handia 1940 eta 1970 urte bitartean izan zen, eta merkantzia gehiena Europatik Penintsulara garraiatzen zela kontutan hartuz, bi kontrabando mota osagarri bereizten ahal dira: bata, gauez egiten zena eta “gau lana” izenarekin ezaguna zena, mendiko bidexkatan barna oinez edo kargako animalien bidez eta Txingudiko badian eta kostaldean itsasontzi txikien bidez egiten zena, merkantziak herrien inguruko leku “seguruetara” garraiatuz; eta bestea, edozein kotxe klasetan ederki ezkutaturik, Frantziatik edo herrietako leku “seguruetatik”, Iruñera, Donostiara, eta baita Madrilera eta Bartzelonara ere egiten zena. Bigarren kasuan, kontutan hartu behar da Bidasoako bailaran bertan bazirela barneko aduana postuak eta merkantzien kontrolak.

Zerekin egiten zen kontrabandoa? Ulergarria denez, fronteraren bi aldeetan prezio alde handia zegoen eta etekina ateratzeko aukera ematen zuen edozein merkantzia, edo eskasiarengatik edo debekuarengatik ez zegoena, kontrabandorako gaia zen: ogia, azukrea, arraina, kafea… azienda edo abereak, industriako makinaria edo hornikuntza… tabakoa, edariak, arropa, puntillak, kondoiak, almendrak, telebistak, dirua, urrea… eta pertsonak, bai, pertsonak: Espainiako Gudatik iheslari zihoaztenak (abertzaleak, makiak… ), Bigarren Guda Mundialeko iheslariak (juduak, abiazio pilotuak…) eta Portugalgo emigranteak, Frantziarako muga klandestinoki zeharkatzen zutenak.